Musika eta bidaia material pedagogiko gisa 

Unitate didaktiko hau ikasleen sormen musikala aberasteko eta garatzeko sortu da. Nahiz eta gaur egun gure mugetatik haratago irteteko aukerak izan, munduko hainbat txoko geratzen dira ezagutzeke; horien berezitasunak ezagutzeko, telebista, sare sozial edota aldizkarietara jo ohi dugu informazioa jasotzera. 

Horregatik, material pedagogiko honen bidez, txoko ezberdin hauetako dantzak, abestiak eta ohiturak ezagutu nahi dira, itsasontzian egingo den bidaia batean murgilduta. 

Metodologia 

Ikasmaterial hau Heziberri 2020 Planari jarraituz egin da, sekuentzia didaktikotan antolatu da eta jarduerak egitura kooperatiboak erabiliz landu dira. 

Sekuentzia didaktiko bat ekoizpen erreal batekin amaitzen den jarduera multzo harilkatu bat da. Ekoiztu beharreko materiala helburu duela, kurrikulumak proposatutako gaitasunak garatuko ditu ikasleak, horretarako aukeran jartzen zaizkion gaiak eta jarduerak bidelagun direla. Sekuentzia didaktikoak, beraz, helburu konkretu eta erreal bati erantzuteko jarduera-multzoak dira. Gure kasuan, gai baten inguruan eratuko dira, hezkuntza kooperatiboa erabiliz, betiere helburu konkretu eta erreal bati erantzuteko. Jarduerek zentzua daukate azken ekoizpenari begira, eta ekoizpena ahalik eta ondoen gauzatua izan dadin bideratzen dira sekuentzia didaktikoko jarduerak. 

Ikaste-prozesu honetan, ikasleen parte-hartze aktiboa eta ikaskuntza esanguratsua funtsezkoak izango dira, ikasleen araberakoa izango baita ikaskuntza-prozesuaren egokitasuna edota baita demoaren arrakasta ere. Gure helburuak lortzeko, IK-KI programak (“Ikasteko Kooperatu- Kooperatzen Ikasi”) eskaintzen dituen dinamikez eta tresnez baliatuko gara. IK-KI programa gaurko gizartearen erronkei erantzuteko sortu den metodologia inklusiboa, aktiboa eta kooperatzailea da. 

Metodologia hau erabiliz, ikasleak erronka baten aurrean jarriko ditugu unitate bakoitzean, eta kooperazioan lan eginez, proposatutako erronkari heldu beharko diote. Horrela, ikasketa esanguratsuak lortuko dira eta ikaslea ikaste-/irakaste-prozesuaren erdigunean jarriko da. 

Unitate hauetan, beraz, kontinenteka egingo da lan, hau da, kontinente bakoitzak bere sekuentzia didaktikoa izango du. Hala ere, unitateen antolaketak aukera eskaintzen du jarduerak modu independentean lantzeko. 

Unitate didaktiko bakoitzean hiru fase bereiziko dira: hasierako fasea, garapen-fasea eta amaierako fasea. 

Hasierako fasea 

Unitate didaktikoaren arabera, ikasleek kontinenteei buruz dituzten aurrezagutzak ikusteko izango da baliagarria. Horrekin batera, sekuentzian zehar egingo den lana zein izango den azalduko zaie ikasleei. 

Garapen-fasea 

Behin gaia planteatuta, ikasleek proposatu zaien erronkari erantzuteko informazioa eta ezagutzak eskuratuko dituzte. Herrialde bakoitzean, kantuarekin, instrumentuekin, dantzarekin eta gorputz-perkusioarekin lotutako jarduerak egingo dituzte, horrela konpetentzia musikalak eskuratzeko. 

Amaierako fasea 

Ikasleek, unitate bakoitzaren amaieran, haien interesa pizten duen herrialdeei buruzko lanketa egin beharko dute. 

Helburuak 

Helburu orokorra: 

  • Euskarazko IKT baliabideei esker, ikasleen konpetentzia musikala garatzea.

Helburu espezifikoak:

    • Haurren garapen kognitiborako musika erabiltzea. 
    • Jolastuz eta sormena garatuz, haztea eta heztea. 
    • Taldeko lana sustatzea eta jorratzea. 
    • IKT baliabideen erabilpenean trebatzea. 
    • Euskadiko kultura musikala ezagutzen laguntzea. 

    Aurrez aipatutako helburu espezifikoez gain, sormen, musika-espresio eta interpretazio eta entzumen musikalari erreparatuz gero, helburu espezifikoagoak landu daitezke. 

    Sormena, musika-espresioa eta interpretazioari dagokienez: 

    • Ahotsa, gorputzaren perkusioa eta musika-tresnak akonpainamendu moduan erabiltzea testu errezitatu, abesti eta dantzetan. 
    • Euskal kultura-ondareko eta beste kultura batzuetako abesti-errepertorio zabala, mota eta estilo askotarikoa, eskuratzea. 
    • Ahots, gorputz eta musika-tresnak zaintzeko ohiturak hartzea. 
    • Musika konbentzio-zeinuen bidez adieraztea: pentagrama, notak, figura eta isiluneak, sol klabea, konpasa, etab. 
    • Grafia askotarikoak (konbentzionalak eta ez-konbentzionalak) erabiltzea, asmatutako musika erregistratu eta gordetzeko. 
    • Abesti eta pieza instrumental gero eta zailagoak irakurtzea eta interpretatzea, grafia konbentzionalak eta ez-konbentzionalak erabilita. 
    • Orff instrumentarium-erako instrumentazio xumeak interpretatzea. 
    • Euskal Herriko eta beste kultura eta garai askotako ahotsezko piezak eta pieza instrumentalak interpretatzea, akonpainamenduarekin eta akonpainamendurik gabe.
    • Taldeko dantzak eta koreografiak asmatzea eta interpretatzea, Euskal Herriko eta beste tokietako estilo askotako musika-piezetatik abiatuta. 
    • Inprobisazioa baliatzea ahotsarekin, musika-tresnekin eta gorputzarekin, musika-estimuluei eta bestelako estimuluei erantzuteko. 
    • Sarrerak, interludioak, kodak eta akonpainamenduak sortzea abesti eta pieza instrumentalentzat. 
    • Ikus-entzunezko bitartekoak eta baliabide informatikoak erabiltzea musika-piezak sortzeko, irudiei eta errepresentazio dramatikoei soinua jartzeko eta ikasgelan interpretatutako musika grabatzeko. 
    • Musika eta dantza balioestea, herrien kultura-ondarearen osagai diren aldetik. 
    • Musika sortzean, jarrera saiatua eta aurrera eta hobera egiteko borondatea izatea. 
    • Interesa eta ardura izatea interpretatzeko eta sortzeko jardueretan. 

    Entzumen musikala lantzeari dagokionez:

    • Inguruneko soinuak ikertu eta zaratak eta kutsadura akustikoa hautematea. 
    • Eraso akustikoekiko jarrera kritikoa izatea, eta gogoz lan egitea, eraso horiek murrizteko eta norberaren eta taldearen ongizatea handitzeko.
    • Adierazpen musikaleko kode konbentzionala ulertzea eta haren oinarrizko erabilera egitea.
    • Musika-hizkuntzako tresnak  erabiltzea obra xumeak aztertzeko.
    • Adi entzutea estilo eta kultura askotako musika-konposizioak, Euskal Herrikoak eta beste herrialdeetakoak, eta haien ezaugarri bereizgarri batzuk ezagutzea.
    • Tresnen eta ahotsen sonoritateak hautematea eta horiek guztiak tresnen eta/edo ahotsen taldekatze askotarikoetan lotzea. 
    • Iturri askotan bilatzea musika-tresnei, konpositoreei, interpreteei, musika-ekitaldiei eta musikaren funtzioen eta erabilerei buruzko informazioa. 
    • Entzunaldietan eta bestelako musika-emanaldietan izan behar diren portaera-arauak ezagutzea eta betetzea. 
    • Estilo, konpositore, garai eta kultura askotako musika-obrak balioestea eta haiek entzunez gozatzea. 

            Landuko diren zeharkako konpetentziak 

            Hitzez, hitzik gabe eta modu digitalean komunikatzeko konpetentzia.  

            • Testuak ahoz eta idatziz ulertzea eta idaztea autonomiaz. 
            • Informazioa balioestea eta adieraztea (argudioak azaltzea, arrazoiak ematea, etab.). 
            • Zereginak, ahoz edo idatziz, zuzentasunez egitea. 
            • Ikaskideekin-irakasleekin hitzezko edota hitz gabeko komunikazio aproposa erabiltzea. 
            • Norberak egin nahi dituen proposamenen azalpenak ulergarriak izatea.
            • Hitz gabeko komunikazioa lantzea, kodeak ulertuz. 
            • Testuak ahoz eta idatziz ulertzea eta autonomiaz idaztea. 
            • Ideiak sortzea, hautatzea eta adieraztea. 
            • Informazioa identifikatzea, lortzea, gordetzea eta berreskuratzea. 
            • Informazio-iturrien eta informazioaren beraren egokitasuna ebaluatzea. 
            • Informazioa ulertzea (konparatzea, sailkatzea, sekuentziatzea,aztertzea eta laburbiltzea), buruz ikastea eta azaltzea (deskribatzea, definizioak eta laburpenak egitea, azalpenak ematea, etab.). 
            • Proposatutako baliabideak irakurtzea eta behaketa ulertzea.
            • Konpetentzia digitala garatzea, proposameneko baliabide digitalak erabiltzeko. 
            • Irudia eta ahotsa lantzeko bitarteko desberdinak erabiltzea. 

            Ikasten eta pentsatzen ikasteko konpetentzia. 

            • Informazioa bilatzea, aukeratzea eta erregistratzea, zenbait iturri (idatzizkoak, ahozkoak, ikus-entzunezkoak, digitalak…) erabiliz. 
            • Informazioa ulertzea eta buruz ikastea (ulermenean oinarritutako pentsamendua).  
            •  Informazioa interpretatzea eta ebaluatzea (pentsamendu kritikoa). 
            •  Ideiak sortzea eta aukeratzea (pentsamendu sortzailea). 
            • Baliabide kognitiboak modu estrategikoan erabiltzea, ikasitakoak beste egoera batzuetara mobilizatuz eta transferituz. 

            Elkarbizitzarako konpetentzia 

            • Komunikazioetan norberaren eta besterena uztartzea, guztien nahiak asetzeko. Hau da, norberaren sentimenduak, pentsamenduak eta nahiak modu asertiboan adieraztea eta, aldi berean, besteren sentimenduak, pentsamenduak eta nahiak adi entzutea eta kontuan hartzea. 
            • Taldean ikastea eta lan egitea, bakoitzak bere ardurak onartuz, baita norberarenak ere, eta elkarlanean lan egin, pertsonen eta iritzien aniztasunak dakarren aberastasuna aitortuta 
            • Elkarbizitzarako arauak errespetatu eta betetzea. 
            • Gatazkei konponbidea eskaini, elkarrizketaren eta negoziazioaren bidez.  

            Ekimenerako eta ekiteko espiriturako konpetentzia 

            • Ideiak edo proiektuak sortzea, eta hauen plangintza eta bidegarritasunean lan egitea  
            • Egindako plangintza betetzea eta, beharrezkoa baldin bada, hura doitzea. 
            • Plangintzaren eta egindako lanen ebaluazioa egitea eta hobekuntza-proposamenak lantzea. 
            • Lortutako emaitzaren berri ematea. 
            • Egindakoak ebaluatu eta hobekuntzak egiteko proposamenak egitea. 

            Norbera izaten ikasteko konpetentzia  

            • Auto-erregulazioa 
              • Norberaren pentsamendua eta ikasteko estilo kognitiboan. 
              • Norberaren gorputz-itxuran eta funtzioan.
              • Norberaren emozioetan. 
              • Norberaren jokabide moraletan. 
              • Norberaren motibazioa eta nahimenean, erabakiak hartu eta betebeharrak betetzeko.
              • Autoestimu errealista izatea. 
              • Erabakiak hartu eta erantzukizunak onartzea. 

                    Jardueren antolaketa eta denboralizazioa 

                    Unitate hau urte guztian zehar egiteko dago pentsatuta. Baina ikastetxeko metodologiak ahalbidetzen badu, jarduerak modu independentean egin daitezke, izan proiektu baterako egokia delako edo eduki bat lantzeko ondo datorkielako ikasleei. 

                    Espazioaren kudeaketa 

                    Unitateak gelan landuko dira, hala ere, komeni da eskuragarri egon daitezkeen beste espazio batzuk erabiltzea, dantza eta esparru musikalarekin lotura dituzten jarduerak aurrera eramateko. Adibidez, IKTrako baliabideak dituen gela, liburutegia, informatika gela edo ikus-entzunezkoena, ekitaldietarako aretoa, espazio irekiak etab. erabiltzea gomendatzen da. 

                    Baliabideak 

                    Lan hau garatzeko IKTak (Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak) erabiliko ditugu. Besteak beste, arbel digitala gela osorako eta ordenagailuak talde lanean aritzeko. 

                    Hori kontuan izanda: 

                    • Testuak irakurri, bideoak ikusi edo audio-zatiak entzungo dira, besteen artean  unitateetan. 
                    • Informazioa bilatzeko, Internet erabiliko da. 

                    Lantaldea 

                    Iñaki Tolaretxipi Tejeria  (Proiektuaren zuzendaria)  

                    • Ingeniaritzan doktorea 
                    • Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoko (EHU) irakaslea
                    • Musika irakasle tituluduna 
                    • Landarbaso Abesbatzaren zuzendaria 
                    • Konposatzailea 

                    Maddalen Dorronsoro Amiano (Koordinazioa eta lanketa)  

                    • Landarbaso Abesbatzaren formazio taldeen irakaslea
                    • Landarbaso Abesbatzan abeslaria eta Ahots Teknikako irakaslea
                    • Lartaun Abesbatzaren  zuzendaria 

                    Jon Rodriguez (Proiektuaren Errealizadorea eta Editorea)

                    • Ikus-entzunezko eta antzerkiko produkzioen zuzendari artistikoa
                    • ETB1eko “Irabazi Arte!” telesaileko Errealizadorea eta Editore Burua
                    • Gaztetxo Antzerki Eskolako Musika Zuzendaria

                    Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioa (Argitaletxea)

                    Bibliografia 

                    Blaser A. (2001). Música y movimiento. Actividades rítmicas en el aula. Biblioteca de Eufonia.  

                    De Castro, R. (1998). Juegos y actividades musicales. Bonum.  

                    Escudero, M.P. (1995).Educación musical, rítmica y psicomotriz. Real Musical.  

                    Forestier, R. (1980). Despertar al arte: introducción al mundo sonoro. Médica y Técnica.  

                    Gillet, P., Cordelier, C., Conseil des CFMI. (2004). Musiques à lècole (Músicas en la escuela). Fuzeau. 

                    Hernández Freixinós, J. (1998). La otra partitura. Eufonía: Didáctica de la Música, 3zk.   

                    Leal, A. (1979). La representación gráfica de los sonidos y el paso del símbolo al signo.Revista Infancia y aprendizaje, 6, 14 – 44 orr.   

                    Malagarriga T., Gómez, I.  (1998). Hacer música en la escuela infantil: una investigación sobre la improvisación musical en la clase de 4 años. Didáctica de la música, 11, 85 – 106 orr.  

                    Malagarriga, T., Valls, A. (2003). La audición musical en la Educación Infantil (Propuestas didácticas). Ceac.   

                    Murray, S.  (1969). El nuevo paisaje sonoro. Ricordi.   

                    Murray Schafer, R. (2001). Musica/non musica, Enciclopedia del novecento, Torino, Einaudi.   

                    Ochoa de Eribe, M.P. (1995). Tutti da capo (musikaren ipuinak). Ibaizabal.  

                    Origlio, Fabrizio. (1999). Los bebés y la música: la enseñanza musical con niños de 0 a 2 años. Novedades Educativas.   

                    Pardo Salgado, C. (1997). De la partitura gráfica al paisaje sonoro de John Cage. Revista Música y Educación. 31, 31-40 orr.  

                    Pujolàs, P., Lago, J. R., Naranjo, M., Pedragosa, O., Riera, G., Soldevila, J., … & Rodrigo, C. (2011). El programa CA/AC (“cooperar para aprender/aprender a cooperar”) para enseñar a aprender en equipo Implementación del aprendizaje cooperativo en el aula. Barcelona: Universitat Central de Catalunya. Stracted, 4(02), 2018.  

                    Rico Martín, C. eta Rey Gomez, D. (2004). Musicogramas. Edición primaria. San Pablo.   

                    Sanuy, M. (1994). Aula sonora. Morata.   

                    Solorzano, G., Solorzano, P. (1998). Kantiruri. Ed. Ikas euskal pedagogia zerbitzua.  

                    Storms, G. (2003). 101 Juegos musicales. Divertirse y aprender con ritmos y canciones. Biblioteca de Eufonia.   

                    Trias Llongueres, N. (1985). Juegos rítmicos. Dinsic, Publicacions Musicals.  

                    Velilla, Natalia. (2008). Suena, suena bebés. Real Musical.   

                    Wuytac, J.  (1989). A proposition d’audition musical active. Musique et Culture, 3, 3-4 orr. 

                    Asmoz logotipoa
                    Landarbaso abesbatza logoa
                    Eusko Jaurlaritza Hezkuntza Saila logoa

                    Ikasmaterialak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 3.0 (CC BY-NC-SA 3.0) lizentziapean daude.